Prentsa oharra
BIME Live 2025 ekimenak zuzeneko musikaren eztanda bihurtuko du Bilbo, mundu osoko 70 artista baino gehiagorekin
BIMEren barruan, zuzeneko musikaren eta showcaseen hiriko jaialdia da BIME Live, eta bertan izango dira, besteak beste, Delaporte (ES), Mau y Ricky (VE), Orishas (KU), Queralt Lahoz (ES), Javiera Electra (KL), Sanguijuelas del Guadiana (ES), Yami Safdie (AR), Esteban Rojas (CO), Lara91K (AR), Jesse Baez (GT), eta Txopet (ES) artistak, Bilboko Udalaren eta Cervezas San Miguel babesarekin.
BIME Pro ekimenaren agenda profesionalean, berriz, sorgune bat proposatzen da, hau da, garapen profesionala eta sortzailea bultzatzeko diseinatutako tresna praktikoak, jarduerak, elkarrizketak eta tailerrak.
BIME Bilbao 2025erako sarrerak salgai daude bime.org webgune ofizialean, Fever ticketing partner ofizialaren bitartez.
Bilbo, 2025eko irailaren 9a.
BIME Live emanaldietan, nazioartean proiekzio handia duten artistentzako zirkuitu handi bihurtzen da Bilbo, eta gaur iragarri du BIMEk bertan parte hartuko duten artisten lehen aurrerapena. Urriaren 28tik 31ra, hiriko hainbat aretotan eta espaziotan kontzertuak eta showcaseak –formatu txikiko emanaldiak– izango dira, eta, horiei esker, nazioarteko jaialdi eta biren norabidea markatzen ari diren musika-proposamenak ezagutzeko aukera izango dute sektoreko profesionalek, BIMEra bertaratzen direnek eta herritarrek, oro har.
70 artista baino gehiago bilduko dira proiekzioa, aurkikuntza eta musika-aniztasuna uztartzen dituen hitzordu honetan, Iberoamerikarekin konektatzen gaituen soinu-lurralde handi bat lotuta hainbat puntu kardinaletatik. Besteak beste, Arroba Nat (MX), giza esperientziaren alderdi intimoenak aztertzen dituzten letrekin; Delaporte (ES), Estatuko elektronikaren eta pop alternatiboaren eszenan proiektu berritzaileenetako bat; Esteban Rojas (KO), Caliko hiri-mugimenduaren buru; Javiera Electra (TL) txiletarra, bere ahots boteretsuarekin eta antzerki itxurako proposamen eszenikoarekin; Jesse Baez (GT), gaztelaniaz kantatutako R&B garaikidearen erreferente handienetako bat; eta Juana Rozas (AR) argentinarra, pop, R&B estiloetatik esperimentazio elektronikora bitarte mugitzen den soinuarekin.
Argentinatik ere, Lara91K (AR), musika urbanoan aitzindaria estilo intimista eta gordinarekin; Mau y Ricky (VE) bikote venezuelarra, azken hamarkadako arrakasta globalik handienetako batzuk sortzeko gai izan den sormen-indarrarekin; Orishas (CU) talde mitikoa, rap latinoaren erreferentea mundu osoan, eta Kubako sonaren eta hip hoparen arteko fusioan aitzindariak. Queralt Lahoz (ES) kataluniarrak soul, hip hop eta flamenkoaren konbinazio bereizgarria eskainiko digu; Extremaduratik, Sanguijuelas del Guadianak (ES) taldeak gaur egungo landa-eremuetako bizimodua kontatuko digu rock musika eta autotunea erabilita; SVSTO (ES) artistaren proposamen ilun eta ironikoak dantza-musika birdefinitu du, musika industriala eta technoa uztartuta; Bilbotik, Txopet (ES), proposamen fresko eta lotsagabe batekin, pop rock, garage eta punk musikak energiaz betetako zuzeneko batean nahastuta, eta Yami Safdie (AR) konpositore argentinarra, une honetan Argentinako pop eta musika urbanoaren erreferenteetako bat.
Musikaren etorkizuna guztion eskura
Musikaren industriarako erreferentziako topaketa izateaz gain, BIME Live guztiontzako moduko hiriko jaialdia da, Bilbon bertan musikaz eta kulturaz gozatzeko aukera demokratizatzen duena. Bilboko musika-agendari urte osoan bizi-bizi eusten dioten aretoak eta lekuak hautatuta, BIMEk gune horien lana indartzearen alde egiten du, hiriko kulturaren funtsezko eragile diren heinean.
Nazioarteko proiekzioa duen talentuaren erakusleiho nagusi ez ezik, soinu- eta estetika-joera berrien erakusleihoa ere bada BIME Live, eta Iberoamerikako musika-eszena berriaren radar bihurtu dela esan dezakegu. Hiriko jaialdia da, guztiontzako modukoa, soinu freskoak arakatu, istorio berriak deskubritu eta datorren musikaren emozioa bizitzera gonbidatzen duena. BIME Live ekimeneko zenbait deialdi zabalik daude oraindik 2025eko kartelean sartu nahi duten talde eta bakarlarientzat. Deialdi honen eta beste batzuen oinarriak kontsulta ditzakezu hemen: bime.org.
BIME Live ekimenaren babesle dira Bilboko Udala eta Cervezas San Miguel eta; horietaz gain, kolaboratzaile dira honako hauek: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, INAEM (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala), ICEX-Sounds from Spain, Navarra Music Commission, BASQUE.MUSIC, Agencia Andaluza de Instituciones Culturales, Txile (MinCAP, ProChile eta Chilemúsica bitartez), Murtziako Eskualdeko ICA, Thomann, Catalan Arts, AIE (Espainiako Artista Interpretatzaileen Elkartea), Argentina (Argentinako Musikaren Institutu Nazionalaren eta Kanpo Harremanetarako, Nazioarteko Merkataritzaren eta Kultuaren Ministerioaren bitartez), Institut d´Estudis Baleàrics, Extremadurako Junta, Kolonbiako Arteen, Kulturaren eta Jakintzen Ministerioa, Bogotako Arteen Barrutialdeko Institutua, Seitrack, Walter Kolm Records, eta Mondo Sonoro.
BIME Pro, Iberoamerikako musikaren etorkizuna eraikitzen
BIME Pro BIMEren agenda profesionala da, eta nazioarteko erreferenteak eta musikaren funtsezko figurak bilduko ditu urriaren 28tik 30era Euskalduna Bilbaon, industriaren hurrengo kapituluaren nondik norakoak zirriborratzeko. Programan oraingo funtsezko galderak eta etorkizuneko erronkak aztertuko dira, eta onenen esperientziatik ikasteko eta aukera berriak arakatzeko aukera izateaz gain, arreta globala markatzen duten gorabideko merkatuen arrastoari jarraituko dio, betiere Europaren eta Amerikaren arteko lotura indartzeko xedez.
Lehendik iragarrita daude artista garrantzitsu ugari, hala nola Rubén Blades, Mau y Ricky, Leire Martínez eta Mon Laferte; orain, aldiz, izen gehiago jakinarazi dira: Ignacio Meyer, TelevisaUnivisióneko presidentea, espainieraz egindako zinema, telebista eta musikan eragin handienetakoa duen pertsonatzat hartzen da, eta BIMEn egongo da, musika latinoaren mapa berriari buruz eta kontsumoan, industrian eta zuzeneko esperientzietan izandako aldaketen ondorioz mapa horrek izan duen bilakaerari buruz hitz egiteko.
Aurten, gainera, BIMEk sorgune bat izango du; artistentzako eta haien lantaldeentzako laborategi bat, beren karrera eta ibilbideak indartzeko tresna praktikoekin. Programazioaren barruan, konposizioa lantzeko campus bat antolatuko da komunitatean esperimentatzeko eta sortzeko, baita ekoizpen-tailerrak eta osasun mentalari buruzko elkarrizketak ere. Gainera, artistekin topaketa intimoak egingo dira, esperientziak lehen eskutik parteka ditzaten eta egun musikak dituen erronka eta aukerei buruzko elkarrizketa bat sor dadin. Ikuspegi integral batetik begiratuta, hazkunde profesionala bultzatzeko konpromisoa du BIMEk, eta aurtengo proposamen honekin konpromiso hori indartzen da.
BIMEri buruz
Bilbon eta Bogotan urtean behin egiten diren edizioekin, Europaren eta Amerikaren arteko nazioartekotze-zubi sendo bihurtu da BIME, Iberoamerikako musikaren arloan plataforma garrantzitsuenetako bat ere izanik. Industriatik eta industriarako diseinatutako programazioa prestatzen denez, sektoreko laugarren ekitaldirik garrantzitsuena da mundu osoan, baita Atlantikoaren bi aldeetako eszenak, lurraldeak, profesionalak eta sormen-komunitateak lotzen dituen sare aktiboa ere. Baina BIME profesionalen topagune bat baino askoz gehiago da: hausnarketa estrategikorako gune bat, iparrorratz kolektibo bat, iristear dagoena hautemateko radar bat. Gure mundu honetan, musika ez dabil jada ardatz bakar baten inguruan biraka; aitzitik, errealitate ugaritan barrena hedatzen da eta, horrela, bada, BIME ezinbesteko gunea da dinamika berriak ulertzeko, erreferenteekin konektatzeko eta musikaren ekosistema globalaren bilakaeraren parte izateko.
BIMEri buruzko informazio gehiago aurkituko duzu www.bime.org webgunean, eta gure kanal digitalen bitartez:
Instagram Linkedin TikTok
Kontaktua
Leire Goienetxea - leire@bime.org
PRESSKIT
BIME
BIME Bilbao 2025 urriak 28-31
BIME Bogota 2026 maiatza
info + www.bime.org